Electricidad Perosanz-en urteko lehen garaipena

  • 2022-10-03
  • Aldalur(e)ko Gaizka
  • Berriak
  • 0
  • 24 Views

Asteburu honetan, Electricidad Perosanz Debasket taldeak Hernani K.E. taldearen aurka neurtu zituen indarrak etxetik kanpo eta garaipen bikaina lortu zuen aurreko jardunaldietako porrotak ahazteko. Hernani, Debasket bezala, lehenengo mailatik bigarren mailara jeitsi zen aurreko urtean eta horregatik, aurkari zuzena zen. Hernaniarrek zona motako defentsa planteatu zuten, baina Debasket ondo moldatu zen hasieratik eta hamar puntuko abantaila polita eskuratu zuen. Hala ere, partiduan zehar, Hernani-k saskiratze bolada onak eduki zituen eta deskantsorako gerturatu egin ziren lau puntu eskasetara jarri arte.

Bigarren zatiaren hasieran, abantaila mantendu egin zen hainbat minututan, baina laugarren laurdenean norbanako defentsara aldatu ziren hernaniarrak eta norgehiagokan aurre hartzea lortu zuten pare bat puntugatik. Momentu horretan, ordea, debarrek estutu egin zuten partidua eta saskiratze batzuk kateatuz garaipena etxera ekarri zuten. Aipatzekoa Sergi jokalariak lortutako hirukoa azkeneko laurdenaren amaieran, partidua erabaki baitzuen debarren alde. Garaipen hau denboraldiko lehenengoa izan da Electricidad Perosanz Debasket taldearentzat eta debarrak pozik bueltatu ziren etxera hurrengo jardunaldietan ere irabazteko helburuarekin.

Amaitzeko, kadete nesken Debasket taldeak eta Zalburdi Debasket senior taldeak lagunarteko partiduak jokatu zituzten denboraldia prestatzeko eta hurrengo astean hasiko dira bi taldeak ofizialki lehiatzen.

Share: