Electricidad Perosanz taldearen bigarren garaipena segidan

  • 2022-10-18
  • Aldalur(e)ko Gaizka
  • Berriak
  • 0
  • 12 Views

Pasa den asteko jardunaldian, Electricidad Perosanz Debasket senior taldeak Elorri Aldapa Alegiko taldearen aurka neurtu zituen indarrak etxean eta garaipen oso argia ospatzea lortu zuten debarrek, joko eta defentsa ona erakutsiz. Lehenengo laurdenetik hartu zuen abantaila polita Debasket-ek eta partidu osoan joan ziren abantaila hau kudeatzen. Atsedenaldia eta gero, Alegiko taldeak abantaila pixka bat murriztea lortu zuen, 22 puntuko zuloa 14 puntutan utziz, baina laster debarrek berriz ihes egin eta partidua erabat erabakita utzi zuten. Markagailua 71 – 44 izan zen Debasket-en alde eta garaipen oso lasaia ospatu ahal izan zuten. Bigarren garaipena segidan izan da etxeko taldearentzat eta joera honi jarraipena ematea espero dute hurrengo jardunaldian ere Deban, Casa de la Rioja Donostiko taldearen aurka.

Bestalde, Zalburdi Debasket senior taldeak ezin izan zuen Eibar Saskibaloia B taldea gainditu etxean, 43 – 68 galduz. Eibartarrek fisikoa baliatu zuten errebotean eta kontraerasoan min handia egiteko eta partidu osoan izan ziren aurretik. Debarrak asko gerturatu ziren lehenengo bi laurdenetan, baina lesio batzuen erruz partidan erabat alde egitea lortu zuen kanpoko taldeak.

Bukatzeko, gazteen mailan, albiste txarrak izan ziren asteburuan. Albizu Harategia Debasket neska kadeteen taldeak galdu egin zuen Eibar Saskibaloia taldearen aurka 62 -23 eta era berean, Urkunde Debasket mutil kadeteen taldeak ere galdu egin zuen bere partida Askatuak Donostiko taldearen aurka 55 -23. Infantilek ere porrota izan zuten etxean Zast Arroxa zarauztarren aurka 37 -44 markagailuarekin.

Share: